EREDU PEDAGOGIKO ETA PSIKOLOGIKOAK HH-n

Jadanik badira 66 urte Maria Montessori hil zela. Hala ere, berak martxan jarri zuen mugimenduak, oraindik indarrean jarraitzen du eta garatzen doa. Gaur egun bizirik dagoen mugimendua izateaz gain,​ ​Haur​ ​Hezkuntzan,​ ​hedapen​ ​handia​ ​daukan​ ​mugimendua​ ​da.

Montessori, Psikiatra eta pedagogo italiarra izan zen, 1870ean Chiaravallen jaioa. Erromako Erret Unibertsitatean 1896an diplomatu zen eta Italiako lehen emakume sendagile bihurtu zen.  Garai hartako Italiako gizarteak emakumeekiko zuen jarreraren ondorioz, ospitaletan sendagile aritzea debekatu zitzaion, eta hau izan zen adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasteko arrazoia.

Montessoriren metodologiak dibertsitate handiko lana eta haurrentzako askatasun ososa eskaintzen zuen, horrela, haurrak bere kabuz, bere erritmoaren eta egiten zituzten aurkikuntzekin ikas zezaten. Horrela, 1907an "Casa dei babini" (Haurraren etxea) eratu zien Erroman, eta bertan aritu zen urte luzeetan zehar. Hortik aurrera, Instituzio hori Italian zehar zabaldu zen eta geroago mundu osoan zehar, haur hezkuntzako metodo berrienetarikoa eta originalena bihurtuz.

Pedagogiaren ezaugarri edo alderik adierazgarrienak
Kontuan harturik zein garaietan kokatzen den Maria Montessori, ordungo hezkuntza sistemarekin alderatuz aurrerapen eta ekarpen handiak egin zituen. Horien artean aipagarriena, ordurarte ez bezala, haurra ardatz eta abiapuntutzat hartzen duela da. Haurrak jada ez dute euren hezkuntza prozesuan paper pasibo bat jokatzen, orain hauek dira haien garapenean eragiten eta garapen hori aurrera eramaten dutenak. Gainera, ebaluatzeko eta lan egiteko moduari dagokionez, ez zuten etxeko lanik, azterketarik ez libururik ere.

Irakaslea ez da ordurarte bezala ezagutzen transmititzailea, behatzaile moduan aritzen, haurrak euren kasa nola ikasten duen aztertuz eta horretarako​ ​jarduerak​ ​proposatuz. Montessoriren arabera irakasleak motibatuak egotea ezinbestekoa da, haurren eredu baitira eta hauek ikusten dutena ikasten dutelako. Gainera, haurren autonomia bultzatzen du, inposaketarik egin gabe, haurrari materiala eta ingurua prestaturik uzten dio eta haurra bera da hortik abiatuz libreki ikasten eta hezten dena.

Bere metodoak tresneria pedagogiko berezia dakar. Montessoriren esanetan, haurrak ukituz, ikusiz, entzunez, dastatuz, mugituz eta usainduz ikasten du, hau da, zentzumenen bidez eta beraz, zentzumen hauek guztiak era progresibo batean lantzen dituzten material didaktiko propioak sortu zituen, bere metodoa erakusteko (horiek haurretan zein adinduetan erabilgarriak zirela frogatu zuen).  

Materialak ​haurraren​ ​autonomia​ ​lantzeko​ balio dute. Material bakoitzak ezaugarri bat lantzen du, hala nola, kolorea, pisua, forma, ehundura, luzera, hotsa, usaina. Ezaugarri hauek isolatuak agertzen dira, hau da, koloreak landu nahi badira, koloretan ezberdinak diren objektuak soilik ikusiko dituzte, tamaina, forma​ ​eta​ ​abarrekin ​berdin jokatuz.

Gainera, honetarako erabiliko duten espazioak txukun eta ordenean egon behar du, ordenak garrantzi berezia baitu bere metodoan, ordena fisikoak​ ​psikologikoa​ ​edukitzera​ ​ere​ ​eramaten​ ​du eta. Horretarako, apalak, eskegitokiak, konketa eta abar haurraren tamainara egokituak egon behar dute, espazio erosoa sortuz beraiek gustora egon​ ​daitezen.

Guzti honi esker haurrak aukera du bere erritmoaren arabera ikasteko eta garapenean aurrerapenak bere kasa egiteko. Inguruak, baliabideak eta hezitzaileak haurraren banakotasuna errespetatzen dutelako, hauek haur bakoitzari egokituz.  Hori dela eta haurrak aukera du arazoaren baten aurrean irtenbidea bilatzeko bere barne eskemetan arakatuz.
Hortaz gain, adin ezberdinetako haurrak gela berean egoten dira eta honela, besteekiko eta ikastearekiko estimulazioa handitzen da. Handienak txikienen eredu izanik eta handienek txikienei irakasterakoan ikasiz. Era berean, gurasoei etxeko zeregin horietan autonomia ematea aholkatzen zaie, haurren parte hartzea bultzatuz eta horri esker hauen autonomia eta autoestimua indartuz.
Azkenik aipatzekoa da, ordurarte ez bezala irakasleak bere egitekoaz eta bere jardunaren inguruan hausnarketa eta autoebaluazio bat egiten duela, hobetu beharreko alderdietan bere buruaren zuzenketa propioa eginez, norbere akatsetatik ikasiz.

Laburbilduz, matodologiaren puntu nagusiak 6 ardatz nagusietan bereizi ditzakegu:
-Askatasuna
-Egitura eta ordena
-Giro atsegina
-Elkarrekikotasun bizitza
-Enfasia natura eta errealitatearekin
-Montessori materialak

Montessori gaur egungo eskola batean
Nahiz eta aurretik aipaturiko ezaugarri edo adierazgarritasun horiek Montessoriren garaian aurrerapen handiko ekarpenak izan, gaur egun ia haur eskola gehienetan ematen den errealitate edo egunerokotasuna da haurrak askatasunez eta autonomiaz aritzea, hezitzaileak behatuz eta behar denean laguntza eskainiz eta une oro hauen  ​sentimenduak,​ ​emozioak​ ​eta​ ​interesak​​ ​errespetatu​z.

Hala ere, badaude oraindik ere gure haur eskoletan ikusten ez diren Montessoriren zenbait ekarpen. Esaterako, Montessori metodoa haur eskola batean aplikatzeko edo praktikan jartzeko modurik adierazgarriena berak sorturiko material didaktikoak erabiltzea izango da, esan bezala, guzti hau espazioan antolatuz, txukun eta ordenean jarririk. Material hauek haurraren garapena eta zentzumenak lantzen laguntzeko​ materialak dira.

Ikasteko beharrezkoa da eroso egotea eta beraz, etxean gaudenean eroso eta gustura egoten garen bezala, haurrak ere hala sentitu behar dute. Horretarako oso aproposa litzateke gelan bertan ere arropa egokiaz gain, oinetako egokiak izatea, baita gela haurrentzat prestatua egotea ere, beraien tamaina eta garapen erritmoei egokituz.

Honetaz gain, gaur egun haurrei autonomia ematen zaie, baina alderdi askotan haurrei alde batera uzten zaie eta horiek ere lantzea ezinbestekoa da. Adibidez, hamaiketakoa jaten duten momentuan, behar eta jango duten hori haurren eskura uztea, hauek bere behar izanen arabera prestatu eta jan ahal izateko, eta ez askotan egiten den bezala, irakasleak janaria ahora ematea. Horrekin batera bazkaltzeko momentuan jantokiko hezitzaileek prestatu beharrean guztia, mahaia haurrek prestatzen dute; ura elkarri zerbitzatuz, platerak harraskan batuz eta bukatzerakoan mahaia jasoz.

Bestalde naturarekiko harremanari garrantzi handia emango zaio, eskolan dauden denbora tarte horretan hainbat momentu kanpoan biziz, naturako baliabideekin jolastuz eta hauek ezagutuz; loreak bilduz eta zainduz, intsektuei behatuz, inguruko zuhaitzak ezagutuz eta abar. Horretarako, aukera edo baliabide egokiak dira  eskolan bertan baratzak edo lorategiak izatea.

Gainera, ordubete baino gehiago emango zaie esperimentazio-jarduerei, jarduera horiek zentzumenen bidez gauzatzen direlako eta Montessoriren arabera hori delako ikasteko modu egokia. Bukatzeko, askotan albo batera uzten dugun erlaxazio edo atseden uneari ere garrantzia emango genioke, haurrak ekintza aktiboak egin ondoren berriro ere indarberritzeko lasaitasuna behar baitute.
https://www.youtube.com/watch?v=P8Bvymudiyg


Iruzkinak